Otsaila adimen artifizialeko talentuaren eta gaitasunen garapenarekin dugun konpromisoan mugarri garrantzitsua izaten ari da. BAIC-en onartzen dugu AA-ren berrikuntzaren funtsa teknologia aurreratuetan ez ezik, haiek sortu eta garatzen dituzten pertsonetan ere badela. Hori dela eta, gero eta ahalegin handiagoa egin dugu aniztasuna eta gizarteratzea funtsezko zutabeak izango diren ekosistema bat sortzeko eta sormena eta bikaintasuna bultzatzeko. AA-ren inguruko talentua zabaltzeaz gain, Euskadi lidergo teknologiko globalean erreferente ukaezina dela adierazi nahi dugu.
Bazkide berria eta AA-ren prestakuntza-eskaintzari buruzko azterketa
Hilabetea bazkide berri batekin hasi genuen: Tknika. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako zentroa da eta ikerketa zein berrikuntza aplikatuan jartzen du arreta, Euskadiko lanbide-heziketa Europako abangoardian egon dadin.
Eransketaren ostean, beste urrats bat eman genuen adimen artifizialaren ezagutza eta trebakuntza sustatzeko, eta, horretarako, jendaurrean jarri genuen ‘Euskadiko AAren prestakuntza-eskaintzari buruzko azterketa’. Azterketa honen helburu nagusia da Euskadiko AA-ren prestakuntza-eskaintza identifikatzea eta lanbide-profil desberdinetarako duen irismena eta prestakuntza-maila ebaluatzea.
Emakumeak Zientzian elkartearekin lankidetzan
Dibulgazioari dagokionez, aurten gazteentzako jarduera bat antolatu dugu Emakumeak Zientzian elkartearekin batera; zientzia eta teknologiaren arloan genero-berdintasuna bilatzen duen ekimena, alegia. Ekitaldian, Ángeles Custodios ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Bidebietako Lanbide Heziketako 166 gazte hartzeko pribilegioa izan genuen. Bertan AA-k eskaintzen dituen lan-aukerez eta garapen pertsonalaz sentsibilizatzeko aukera izan genuen.
Horrez gain, Lantekeko Lidia Almazánek eta Ibermática Fundazioko Sandra Seijok AA-ren eta teknologiaren arloan izandako ikasleen eta profesionalen esperientziak azaldu zituzten. Haien lekukotasunak inspirazio-iturri izan ziren parte-hartzaileentzat, eta eremu horietako etorkizuneko karrerak aztertzera bideratu eta motibatu zituzten.
BAICorner: Ikasketak eta Euskadiko AA-ren prestakuntza-eskaintza
Otsailaren 14an izan zen gure ekitaldirik preziatuenetako bat: BAICorner. Bertan, Euskadiko AA-ren prestakuntza-eskaintzari buruzko azterketa ofizialki kaleratu genuen. Topaketa horretan, gure zuzendaria den Laura Marrón Euskal Herriko unibertsitate nagusietako ordezkariekin bildu zen.
Parte-hartzaileen artean Tecnun-eko Juan Ferrer-Bonsoms, Deustuko Unibertsitateko Begoña García Zapirain, Mondragon Unibertsitateko Beatriz Laskurain eta EHUko Jose Luis Pizarro zeuden. Jardunaldian, Euskadiko AA-n dauden joerak eta programak aztertzeaz gain, nabarmendu zen enpresek gero eta trebetasun gehiago eskatzen dituztela AA-ren arloan, baita azken garaiotan teknologia horietara iristeko egokitu eta demokratizatu beharra ere.
Era berean, AA-ren egungo erronkei ere heldu zitzaien; horien artean, prestakuntza arinagoa izatearen beharra eta joera berrietara moldatzeko erraztasuna. Horretaz gain, ikasleen AA-ren erabilerari buruzko ikuspegi kritikoa eta etikoa irakastearen garrantzia ere azpimarratu zen. Azkenik, nabarmendu zen ezinbestekoa zela kalitatezko datuekin lan egitea eta portaera etikoa izatea AA garatzeko eta aplikatzeko.
Laburbilduz, otsaila BAIC-en lorpenetarako hilabetea izaten ari da. Aurrera begira, aliantzak garatzen jarraituko dugu, hezkuntza sustatuz eta AA iraultzaren erronka etiko eta teknikoei aurre eginez. BAIC-en, Euskadin eta haratago, berrikuntza- eta lankidetza-etorkizun baten buru izan nahi dugu.